Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Agintzen eta sufritzen jakin eta gero, Ezkurdia eta Rezusta Binakako txapeldun (22-20)

Leher eginda baina beti aurretik, Joseba Ezkurdia, Binakako Txapelketako pilotari onena, eta Beñat Rezustak jantzi dute Navarra Arenako txapela. Tanto gehiago amaitu dituzte Artolak eta Mariezkurrenak, baina gehiago ere galdu dute eta beren akatsek eta gorrien erresistentziak erabaki du finala.

Ezkurdia eta Rezusta konfeti artean txapeldun eta pozarren, Artola eta Marieskurrena gertu baina itzalean.
Ezkurdia eta Rezusta konfeti artean txapeldun eta pozarren, Artola eta Marieskurrena gertu baina itzalean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

EZKURDIA-REZUSTA 22

ARTOLA-MARIEZKURRENA II 20

Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta Binakako Txapeldun, bientzat ala bientzat hirugarren txapela binaka, aurrenekoa elkarrekin. Zorionak txapeldunei, eta baita Artola eta Mariezkurrena II.ari ere, sekula ere ez dutelako etsi, hasieratik bukaerara atzetik ibili badira ere. Baina tantoak amaitzea bezain garrantzitsua delako tantoak ez galtzea, bikote beteranoak bere eskarmentua baliatu du txapela janzteko, fisikoki lehertuta amaitu badute ere.

«Hamabigarren tantoaz geroztik bikiak igotzen hasi zaizkit eta jota amaitu dut. Iñakik –Artolak– eta Jonek –Mariezkurrenak– asko eman diote eta guk eutsi eta eutsi eginda irabazi dugu azkenean», onartu du, arnasestuka eta hunkituta, Joseba Ezkurdiak, Binakako Txapelketako jokalari onenaren saria txapelari gehitu ahal izan dion pilotariak.

Joseba Ezkurdia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Urte gogorra izan da Arbizukoarentzat, eta bere buruarengan zalantzak ere piztu zaizkio tarteka. Baina era berean, bai Ezkurdiak eta baita txapeldunorde atera den Iñaki Artolak ere bere mamuen aurkako borroka latza bizi izan dute, eta aurrelari biak garaile atera dira, nahiz eta txapela bakarrarentzat izan.

«Triste gaude ez dugulako irabazi, baina haserre eta maldizioka aritzeko aldarterik ere ezin dugu izan, final ona eskaini diegulako ikusleei», onartu du Iñaki Artolak berak, finalean Txapelketa osoko partidarik onena eta ausartena jokatu ostean irribarretsu, galduta ere.

Beti aurretik

Ezin hobeto hasi Ezkurdia eta Rezustak. Akordatzerako, 4-0 aurreratu dira beteranoak. Iñaki Artola kikildu xamar bezala abiatu da eta Mariezkurrenak handiak emanagatik, Beñat Rezustak begietara begira erantzun dio Berriozarkoaren pilotakada bakoitzari. Aurrean, berriz, Joseba Ezkurdiak ausart ekin dio demari eta txokoan dejada eder batekin amaitu du aurreneko tantoa, eta handik aurrera, bolada azkar egin dute. Gezurra badirudi ere, hasi eta buka bikote gorria beti aurretik izan da.

Txokoan Artolak utzita egin dute urdinek beren aurrenekoa. Alegiakoa esnatu da hasierako sustotik, baina Mariezkurrena erabat gozatu ezinik ere aritu da eta Artola hobetuagatik, dena beharrean izan da tantoak bere egiteko. Hala erakutsi du Beñat Rezustak ere, Artolak aurrean lagatako pilota baten ostean bi hormako zoragarria egin baitu. Hala, 4-0koaren ondotik, 7-1eraino joan dira zuzenean Ezkurdia eta Rezusta.

Noizko, orduan, urdinen tanto boladaren bat? Finala estutzeko, bada ere! 7-2koan gorriek airean erabili dituzte Artola eta Mariezkurrena, baina Ezkurdiaren dejada kontrakantxara joan da, eta hurrengo tantoan, berriz, atzeko harmailetaraino bota du atzelari nafarrak. Hala ere, bolada laburra izan da urdinena, Artolaren errematearen aurrean zabalean kontraerasoa jota amaitu baitu Ezkurdiak, Arbizukoa eta Bergarakoa 8-3 aurreratzeko.

Beñat Rezusta. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Dena den, pixkanaka partidara iristen hasi dira urdinak. Mariezkurrenak ezkerrez hormatik pilota zailak ateratzen ere badakiela erakutsi du, baita Artolak ere beste partida batzuetan baino gehiago menturatzen dela errematera ere. Rezustari baztertu zaion pilota batek 8-4koa suposatu du urdinentzat, eta hurrengoan, lana beltz egin ostean, Mariezkurrenak Bergarako ezkerra erreboteko zuloan sartu du eta Alegiakoak ezker gantxoz amaitu du tantoa. Aurreneko tantoetako pagotxa amaitu dela ikusita, etenaldia eskatu dute orduan Ezkurdiak eta Rezustak, aurretik lan mordoa dutela jakitun.

Mariezkurrenaren desoreka

8-6raino hurbildu dira Binakako Txapelketako finalean debutariak, baina ezker horman Mariezkurrenari goregi joan zaion pilota baten ostean gorriek aldea hartu dute. Deseroso ibili da Berriozarkoa, hurrengo tantoan batik bat, Ezkurdiak zabalera atzeraturiko pilotakada bat kanpora joan dela protestan.

Kontzentrazioa galdu du hor atzelari nafarrak, baina ez zorte ona. Hurrengo tanto biak berak egin ditu, biak ala biak ihes egin eta ia mirakuluz txapa gainean sartu eta gero. Baina zorteak bizkarra eman dio hurrengo tanto bietan, ezkerrez zein eskuinez goregi bota dituelako gero eta urduriago azaldu den Jon Mariezkurrenak. Haren madarikazioa eta frustrazioa aurreneko atsedenaldi luzera 12-8 galtzen joan denean!

Jon Mariezkurrena. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aldiz, askoz itxura orekatuagoa eman dute Ezkurdiak eta Rezustak, batez ere Arbizukoaren pilotakada bihurriek eragin dituztelako Mariezkurrenaren azken orduko akatsak.

Partida hausteko zorian jarri dute gorriek 14-8 aurreratuta, Mariezkurrenaren beste hutsegite bat eta Ezkurdiaren tanto bati esker. baina Artolak txokoan urdinen bederatzigarrena egin ostean askoz bote baxuagoa egiten duen pilota atera dute eta nolabaiteko komeriekin hasi da. Hala, 14-8tik 14-12raino ekarri dute finala Artolak eta Mariezkurrena II.ak, azken tanto biak eramateko moduko sakean eraman gabe laga dituelako Bergarakoak.

Hurrengo tantoa ia eginda izan dute urdinek, baina Mariezkurrenak bi hormakoa saiatu du bi aldiz eta bigarrenean kanpora egin dio hanka pilotak. 15-12 ez ezik, pilota aldatzeko abagunea gorrientzat, Rezustaren momentu txarra gainditzeko.

Baita gainditu ere, batik bat urdinek egindako akatsen esker 17-12raino joan baitira berriro ihesi. Iñaki Artolaren unea iritsi da orduan. Atsedena eskatu dute aurretik urdinek eta horren ostean Alegiakoak errematean arriskatu eta asmatu egin du, batez ere pilota aldatu dutenez gero.

Hala ere, betiko moduan , bi tantora hurbildu denean, kale egin du bikote urdinak; hain zuzen, ezker gantxoa txapara bete-betean joan baitzaio aurrelari gipuzkoarrari: 18-15 eta gorriak beti aurretik azken atsedenaldi luzean ere.

Hil ala bizi

Hurrengo tantoak ia partida erdiko pisua izan du. Oso serio eta gogor jokatu dute laurek eta 59 pilotakadaren ostean txokoan moztuta amaitu du Joseba Ezkurdiak, nekea nabaritu duen arren. Aurrez denek ere pilota oso zailak eraman dituzte, baina hil ala biziko joko horretan erasoak adina balio du defentsak eta lan horretan gorriek sekulako trebetasuna erakutsi dute.

Hurrengoan, ordea, Rezustari goregi joan zaio ezkerkada eta ezin hautsitzat eman finala: 19-16. Are gutxiago Artolak hamazazpigarrena erdietsi ostean. Berdintzera iritsi behar al zuten urdinek?

19an ez behintzat, ihes egindakoarekin tantoa amaitu baitu Joseba Ezkurdiak. Eta hurrengoan, pilota berria aukeratuz, sakez sartu dio Arbizukoak Mariezkurrenari: 21-17, halakoren baten. Baina Artola ez da etsitzeko egon eta gorriak airean eraman ditu hurrengo tantoan, bi hormakoarekin amaitu duen arte: 21-18. Horixe bai, hil ala bizi!

Iñaki Artola. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Alegiakoak ez du hurrengo aukera barkatu eta harmailetako zaleak «Jo ta ke! Irabazi arte!» oihuka jarri ditu, eta tantoaren ostean, errenka eta bikiekin arazoz gainezka, Ezkurdiak aldageletarako bidea hartu du. Itzuli ere itzuli da, baina jokoan jarraitu besterik ez du izan, 21-20ra ekarri baitu partida Artolaren ezker gantxoak.

Baina azkenengo hil ala bizikoa Mariezkurrenari erori zaio. Sufritzen nabarmendu dira gorriak, baina lortu dute txapela, ondo merezita gainera. Bejondeiela urdinei ere, finalaren mistika duindu dutelako beren oldarkortasunarekin, baina txapela Arbizura eta Bergarara joan da, eta horrek ez du bueltarik.

PARTIDAKO FITXA

Iraupena: 84.30 minutu. Pilotakadak: 691. Sakez: 2 Ezkurdiak, 2 Artolak. Jokoan egindako tantoak: 7 Ezkurdiak eta 1 Rezustak; 12 Artolak eta 3 Mariezkurrenak. Galdutako tantoak: 1 Ezkurdiak eta 2 Rezustak; 5 Artolak eta 5 Mariezkurrenak. Markagailua: 1-0, 4-0, 4-1, 5-1, 7-1, 7-2, 7-3, 8-3, 8-4, 8-6, 9-6, 10-6, 10-7, 10-8, 11-8, 14-8, 14-9, 14-12, 15-12, 17-12, 17-13, 17-15, 18-15, 19-15, 19-16, 19-17, 20-17, 21-17, 21-18, 21-20, 22-20. Gorabeherak: 2025eko Pilota Enpresen Binakako Txapelketa nagusiko finala, Iruñeko Navarra Arena pilotalekuan, 3.000 lagunen aurrean. Dirua parean, gorrien alde. Sakea, urdin.